2006-08-25

URTEAN ZEHARREKO XXII. DOMEKEA —B—

URTEAN ZEHARREKO XXII. DOMEKEA —B—


HOMILIA

Senideok: zenbat bider aitatzen dogun «Jainkoaren Legea»; eta zenbat eztabaida sortzen dan bere inguruan! Gaurko Liturgiak ere Jainkoaren Legea aitatzen dau, eta bertara hurreratzen gaitu. Laster ikusten dira Lege hori ulertzeko edo gauzatzeko era bi: bata legelariena izango litzateke, eta bestea Jainkoaren maitaleena.

Lehenengo irakurgaiak Deuteronomio Liburua idatzi daben abade giroko jakintsuen eztabaidearen ondorioa dakarsku: hartu Jainkoagandik jatortzun Lege hau eta bete eizu ezer ere aldatu barik, izen eder eta handi bat izan daizun zure inguruan...

Santiagoren gutunean aurkitu dogu Legea itxurakeriaz hartu daitekela. Gero Ebanjelioak, Jesusek eta Farisearrek dauken eztabaidan, oraindino argiago itzi deusku legekeria hori ohituretan, azalkerian eta errezkerian galdu daitekela.

Honen aurrean, batez ere ezjakinek, hauxe esaten dabe: ardurazko gauza bakarra ona izatea da, inori kalterik ez egitea.

Baina bai Santiagoren gutunaren idazlea eta baita Markosen ebanjelioan agertzen jakun Jesus ere, nahiko harutzago doaz: lehenengoak entzule arretatsu izatera gonbidatzen gaitu, eta entzunaren betetzaile izatera, jainkozaletasunaren erakutsi lez nahigabetan dagoenaren laguntzaile izatea jarriz. Honetan bat dator Deuteronomioko legelariagaz: Jainkoaren entzule izan behar da haren Legea bete ahal izateko.

Ebanjelioak, horraitino, agerian jarten deusku gure zauria: Farisearrek zaharren ohiturei jarraitzen eutsen, baina non euken bihotza? Esan geike, Jainkoari entzun barik, gauza batzuk iragarri eta hareexek beteten jarten ebela euren ardurea. Eta Jesusek gogor salatzen dauz.

Jesusek, ba, Jainkoaren entzule arretatsu egin gura gaitu, gure barrua zuzendu eta osatu daiten, eta handixik sortu daitezan Jainkoaren gogoko lirateken esaldi garbi, eginkizun zuzen eta maitasunezko egintzak. Bilatu daigun, ba, ohituren azalkeriatik urten eta Jainkoaren entzule izatea. Esan daigun hau otoizgiroan:

Maitasunaren eta opari izatearen Legea
emoten deuskuzun Jainko ona:
egin naizu zure esanen entzule arretatsu;
atara naizu ohitura hustuen ziurkerietatik
eta inori kalterik ez egite hutsetik;
emoidazu barru apala, begi zolia,
behartsua non dagoan eta nor dan ikusiz
harengana hurreratu eta
zure poza eroateko gauza izan naiten.

2006-08-23

URTEAN ZEHARREKO XXI. DOMEKEA —B—

(2006/08/27)

HOMILIA

Senideok: Une batera heltzean, Jesus ez dabil txantxetan; bere gordintasun osoan mahairatuko dau bere eginkizuna, horrela eginez lagun asko galdu behar badauz ere. Ez hori bakarrik; bakarrik gelditzeak ere ez dau bildurtzen. Begira zer dinotsen bere ikasleei: «Zuek ere alde egin gura dozue?»

Holango galdera erabagikorrek bildurtu egiten gaitue. Guk gauzak ez doguz ikusten baltz edo zuri, urdin edo gris baino. Gure hizkuntza (Jainkoagazko hartu-emonetan esan gura dot) ez da izaten zirt edo zart, beste hauxe baino: bai baina, batzutan... Erabagikor ez dan hizkerea, ba. Era horretara ezin daiteke aurrera pausurik emon. Ez-baitako egoerea ez da onartzekoa erabagi bat eskatzen dan uneetan.

Ba, begira: gaurko liturgiak hauxe irakasten deusku: Jainkoagazko hartu-emonetan ere, aurrera pausurik emon gura badogu, behintzat, erabagikorrak izan behar dogula, zirt edo zart egitekoak.

Lehenengo irakurgaian Josue aurkitzen dogu Jainkoaren Herriari erabagia eskatzen: «Noren zerbitzari, jarraitzaile, izango zaree?» Zeozergaitik eskatuko eban Josuek herriaren erabagi hori. Argi ete euken Jaunari zerbitzeak zer eskatzen eban? Ziur ezetz! Baina aurkituko dau argitasuna erantzun erabagikorrak ibilpidean. Ezbaian egotetik ez da sortuko ezelango argitasunik.

Zeintzuk dira jarri leitekezan atxakiak? «Hizketa gogorra dok hau! Nork onartu jeikek? Ez da ulertezina edo ulergatxa, ez; bizikeran aldakuntzak eskatzen dauzan hizkerea da; zirt edo zart egitea eskatzen dauana. Horrexegaitik da gogorra, onartezina. Eta bati baino gehiagori eragingo deutso atzera.

Josueren aldietan, herriak berak hartuko dau erabagia, aho batez. Danek ulertzen eta uste ete eben bardin? Ziur ezetz! Baina alkar berotu ezkero, norbere hotzaldia edo ezbaia laster menperatzen dira.

Horixe da Jesusen taldean ere gertatuko dana. Bulartsu erantzuten deutso Pedrok, bere berbea aurreratuz: «Zuk betiko biziaren berbak daukazuz!»

Zelan aurkitu geikez betiko berba eguneratuak apostoluen bizikeran? Guri ulergatx edo, hobeto esanda, onartezin egiten jakuz San Pauloren gaur irakurritako berbak: «emazteak egon beitez senarraren menpean». Ez da besterik, holango esaldiak jasanezinak doguzelako baino. Bere testuinguruan irakurriko bagenduz, eta emaztearen alde, eta senarragazko bardintasuna bilatzen dabela ulertuko bagendu... Baina ez. Horretan geu azaltzen gara zirt edo zarteko, eta entzuterik ere ez dogu gura.

Paulok berak dinosku ulergatxa dala, Kristoren eta Elizearen arteko maitasunetik kanpo. Zein erabagikorrak izango ginateken betiko bizitza bilatuko bagendu! Geure erantzun egingo geuke Pedrorena: «norengana joango gara; zeuk daukazuz betiko bizitzarako berbak».

2006-08-18

Urtean zeharreko XX. Domekea —B—

2006/08/20koa



Senideok: gaurko liturgian gauza bat azpimarratuko neuke: mahaia. Esaera Zaharren liburuak, Jainkoak (edo bere irudi dogun Jakituriak) prestatuta daukan mahaira egiten deuskula dei, esan deusku. Ogia eta ardaua dira mahaiko jaki bereziak. Gure Eukaristia dakarsku gogora.

San Paulok hauxe esan deusku: «Ez zaiteze ardaoz mozkortu...; bete zaiteze, ostera, Espirituaz...». Adi jarri gaitu, mozkorrak beragaz nasaikeria dakarrela-ta...

Ebanjelioan Jesus ere ogia eta ardaoa aitatzen jatorku; baina, oraingoan, ogi-ardauok bere gorputz-odolak dira. Ez deutsoe ulertzen entzuleek. Hau ulertzeko liturgi-giroan, eta batez ere Eukariti-giroan sartu behar da.

Jainkoaren Espirituaren argitasunak lagundu deigula irakurgaiotan murgiltzen geure bizitzarako irakatsiak atara ahal izan daiguzan.

Garrantzi handia dauka mahaiak gure kulturan; euskaldunok mahai zaleak gara; eroso gagoz mahaian jarrita; eta laster zabaltzen deutsogu mahaia etxera jatorkunari, harrera on bat egiteko, eta jarten deutsoguz ogi-ardauak eta beste zeozer behingo-behingoan. Holango mahaian hizketaldia egiten da, barriak emon eta jaso egiten dira, eta kidetasunak indartuta urteten dau.

Mahai horretatik errez ulertu daiteke Eukaristiaren mahaia. Han ogi-ardauek itxaroten deuskue, Jesukristoren gorputz eta odol lez; eta Jainkoaren berbeak agertzen deuskuz eguneko barriak; eta bizitzarako argibide eta elikagai (edo alimentu) doguz, eguneroko bizitzan Jesukristoren autorle (edo testigu) izateko.

Gure bizitzak gaur egun aurkitzen dauzan eragozpen asko ta handietan, beharrezko dogu holango mahaia. Zoritxarrez, etxe asko ta askotan galduta dagoen mahaia da. Holango mahai batek bere astia behar dau, eta asti barik bizi gara; bere alkarrenganatze gogoa eskatzen dau, eta sarriegitan doguz nahiago telebistako barriak eta barrikeriak. Familietan topaketa leku barik, urdaila beteteko baino ez da erabilten mahaia: "aska" bihurtu dogu. Hau dala-ta, familian aurkitzen ez dana, beste leku batzuetan aurkitu gura izaten da; baina hareetan betekadak baino ez dira egiten; eta hortik... nasaikeria dator...

Holango mahai batetik ezin daiteke Eukaristiaren mahaira jo. Horregaitik ez da mahai hori gaur egun beharrezko ikusten. Eta holango mahaitik gatx sortu ahal izango da danok eskatzen dogun bake mahai edo alderdi politikoen mahaia ere.

Bai, senideok. Jainkoagana joten badogu, harek estutu egingo gaitu, geuretik emoten ikasteko. Behar bada, horrexegaitik egiten jaku gatx Eukaristia mahaira hurreratzea. Baina mahai honetan elikatu eta heziko bagina onura hobeak aurkituko geukez, bai geuretzako eta baita gure familiarentzako eta herriarentzako ere.

Badaukagu Eukaristiara joteko arrazoirik.

2006-08-14

JASOKUNDE (2)

ANDRA MARIAREN ZERURATZEAN


Homilia

Zenbat aldatu diran gauzak! Zer gelditzen jaku lehengo debozinotik? Erratuta ete dabil Elizea, Mariaz daukagun irudia eta oneraspena garbitu guran? Ea zer dinoskun gaurko liturgian iragarten jakun Jainkoaren Hitzak.

Lehenengo irakurgaiak gaur eta betiko burruka bat aurkezten deusku: txarkeriak (erensugeak) iruntsi egin gura dau ontasuna (jaioteko dan Umea); baina hau Jainkoaren aulkira daroe. Badago itxaropenik!

Baina itxaropenik ez balego lez ez ete gara bizi? Geuk ez ete dogu iruntsi gura ontasuna, geure txarkerian, zaharkerian, ohikerian... jarraitzeko?

Paulok, bigarren irakurgaian, Kristoren biztuerea gogoratuz, haregan bizia izango dogula guztiok, bakotxak bere mailan, esan deusku. Eta hau ere iruntzi-ezineko egiten jaku.

Asko daukagulako, ez dogu zerurik amesten, ez jainko-bizitzarik..., ez dogulako geuretik urten gura. Mariaz daukagun irudia aldatzea eskatuko leuskigu horrek; eta beste aldakuntza batzuk egitea. Baina guk gurago dogu geure ondasunetan, txarkeria eta ohikerian jarraitu, ezagunak eta eroangarriak egiten jakuz-eta; eta beste batzuk txarragoak dirala salatu.

Hainbeste aintzaldu dogun Maria, gaur egun, pobrezia eta ezjakin eta apaltasunetik harrokeriara aldatu garenontzat, Maria salatzaile bihurtu jaku, eta orain ez deutsogu oneraspenik, ezkutuko ume oneraspena baino: eta lotsagarri bihurtu jaku.

Begira zelango Maria, apal eta itxaropentsua, uste osoa Jaunagan dauana, iragarri deuskun ebanjelioak: Aingeruaren albistea hartzen dauaneko, beretik urten eta badoa Isabelengana. Honek Maria goraldu egiten dau, haregan Jainkoaren ikusaldia hartzen daualako. Ondo ulertzen dau, bai eta erraietako seinak ere, poz-jauzika hasi jako-ta. Eta Maria goraltzeko berbak, honeixek: «Zorioneko zu, sinistu dozulako!»

Mariak Jainkoa goretsiko dau haren miragarriak gogoratuz, eta bere burua haren mirabe lez aurkeztuz.

Izan daiteke Maria gura sinismen eredu, benetan Jainkoaren morroi-mirabe izan gura badogu; geuretik urten (ohikeria eta handikeria guztiak baztertuta) eta ondokoei Jainkoaren poza eroan gura badeutsegu.

Bilatu daigun Idazti deunetako Maria!

JASOKUNDE

ANDRA MARIAREN ZERURATZEA (08/15)

HOMILIA


Senideok: hona hemen gu Jasokunde egunean, gure Ama Mariaren zeruratzea ospatzen. Benetan egun pozgarria, senideok! Eta pozgarria, batez ere, sinismenetik begiratu ezkero. Sinismenetik dinot, eta ez one­raspen edo debozino hutsetik. Gauza ederra da debozinoa; zer esanik ere ez! Baina gure erantzuna dan debozinoak Jainkoaren grazia eta Espiritu santuaren argitasuna ditu beharrezko ta aurrelari. Eta Jainkoak gugan jarten dauan hazi hori, Espirituaren grazia hori, sinismena dogu.


Gure Ama Maria sinismendun emakumea, autortzen dogu. Sinismen horrek Jainkoari zabal-zabalik egotera bultzatu eban Maria. Eta Jainkoak bere grazia ugariz bete eban, bere Semearen amatzat aukeratzeraino. Eta Mariak, sinismenari esker, atzerutz egin ez eba­lako, bere uste on osoa Jainkoagan jarrita eukalako baino, “Hona hemen Jaunaren mi­rabea” erantzun ahal izan eban. Eta Jainko Semea erdituz, honen gurariz, geure ama bi­hurtu da. Eta guk, bere seme-alaba zintzo lez, goresten ta aintzaltzen dogu, zeruetara gorputz-arima jasoa autortuz.


Ez daigun begi-bistatik galdu Maria emakume arrunt bat baino ez dala; bere herri­aren Mesias egarrietan, Jaunak agindutako Salbamenaren zain egozenetarikoa. Bere sinismena, ba, herrikoi-herrikoia zan; eta halantxe adierazten deusku Lukas ebanjelariak Mariaren ahoan, guk Magnificat izenaz gogoratzen dogun otoitza ezartean; eta baita umearen jaiotzatik zortzigarren egunera Jerusalengo Tenpluan aurkeztean, horrela Moi­sesen Legea beteaz.


Benetan nahi badeutsogu, ba, gure Ama Mariari aintza ezin ederragoa emon gaurko egunean, ez dagigun heldu-ezineko goietara jaso, eta hodeiez, izarrez ta aingeru-buruz estaldu. Begiratu deiogun aurpegira; ikus daigun emakume-aurpegi irripartsua, Jain­koaren graziaz beterikoa; ikus daigun grazia hori banatzen, eta Isabel bere senidearen sabelean, gero Juan Bateatzailea izango dana pozarren saltoka, eta baita kurutze ondoan zutunik, hilten egoan bere Semearen berbak entzuten: “Andra, horra hor zure semea”, eta bihurtu daigun benetan geure ama. Zelan? Berak emon deuskun Salbatzaile dan Jesu­sengana hurreratuz; berau ezagutzen ta maitatzen ahaleginduz, eta bere ebanjelioa gure bizitzako araubide bihurtuz.


Izan daitela, ba, gaurko egun hau, Maria aintzaltzeko, eta bera aintzaltze ta goraltze horretan geure sinismen-itxaropenak indartzeko ta barriztatzeko; gora begiratuz, gure azken tokia Jainko Aitaren altzoan dogula benetan somatzeko ta horren pozean bizi izateko.

2006-08-12

URTEAN ZEHARREKO XIX. DOMEKEA «B»

Hitzaldia

«Hartu eta jan... Eta janari haren indarraz berrogei eguneko bidea egin eban Jaunaren mendiraino». Jesusek «neu naz zerutik jatsitako ogi bizia» esan eban, eta hau entzun ebenentzako jauspide izan zan: Jesusen aurka esamesetan jarri ziran. Hausnartu daigun apurtxo bat, san Paulok esan deuskuzan berbotatik abiatuz: «Ez atsekabetuazo Jaunaren Espiritua, beragan markatu zaitue-ta Jainkoak».

Itxaropen handia, uste osoa, dau Jainkoak gutariko bakotxarengan. Bere Espirituaz markatu gaitu eginkizun baterako: bere errukia ta maitasuna iragarteko, eta bere ondasunak alkarren artean banantzeko.

Baina hainbat dira eginkizun hori beteteko aurkitzen doguzan oztopoak: Elias profetearen bizitzan eta Jainkoaren Seme Jesusen beraren bizitzan aurkitzen doguz: Jesusen berbea ez dabe ulertzen, ez dabe onartzen... euren buruetan beste irudi bat daukelako. Elias aurrean darabile, sasi-profeten guzurra agerian jarri daualako, eta Jezabel erregineak haren heriotzea zin egin dau.

Eliasek bertan behera itzi gura dau Jainkoagandik hartutako eginkizuna; baina Jainkoak bere ogiaz janaritu eta indartuko dau...

Zer gertatzen da gure etxeetan, senideok? Hainbeste guraso bizi dira nekatuta, seme-alaben edo loben gaurregungo jokabidea eta bizikerea dala-ta; euren ohitura edo jokabide asko baztertuta daukez, eta beste era batera bizi dira. Batez ere elizbidea eta Jainkoagazko hartu-emonak itzi dabez bertan behera, eta onartu-ezineko jokabideetan diharduela-ta. Zer egin? Ezer ezin egin! Hauxe da askok uste dabena, eta euren burua bazterreratu egin dabe, gazteek eurena egin ahal izan daien.

Ukatu egiten ete dabe nagusiek euren lehengo mundua, fedea, jainkozaletasuna, sakramentu bizitza, eta abar? Ez, baina, euretatik apur bat edo gehiago aldenduta, hotzituta dagoz. Eta horrela ezin izan daitekez seme-alaba-loben eredu!

Lehen gauza asko ta asko, batez ere elizbidekoak, ohituraz jarraitzen baziran, gaur jakintza eta ardurea eskatzen jakuz. Eta horretarako batzarrak eta topaketak eta aparteko otoitzak-eta eskeintzen jakuz. Jainkoak gugan dauan uste ona eta itxaropena gauzatu gura badogu, euretara jo behar dogu, adorez, uste onez, bildur barik eta asti faltearen atxaki barik.

«Neu naz zerutik jatsitako ogi bizia» dinoan Jesus onartu, eta Eukaristia ospatu ta bananduz; eta haren inguruan Jainko seme-alaben familia eratuz, ezaugarri izan daiten, Jainkoaren Espirituaren arabera alkar maitasuna gauzatuz.

Izan gaitezan eskuzabal Jainkoagaz.