URTEAN ZEHARREKO XIX. DOMEKEA «B»
Hitzaldia
«Hartu eta jan... Eta janari haren indarraz berrogei eguneko bidea egin eban Jaunaren mendiraino». Jesusek «neu naz zerutik jatsitako ogi bizia» esan eban, eta hau entzun ebenentzako jauspide izan zan: Jesusen aurka esamesetan jarri ziran. Hausnartu daigun apurtxo bat, san Paulok esan deuskuzan berbotatik abiatuz: «Ez atsekabetuazo Jaunaren Espiritua, beragan markatu zaitue-ta Jainkoak».
Itxaropen handia, uste osoa, dau Jainkoak gutariko bakotxarengan. Bere Espirituaz markatu gaitu eginkizun baterako: bere errukia ta maitasuna iragarteko, eta bere ondasunak alkarren artean banantzeko.
Baina hainbat dira eginkizun hori beteteko aurkitzen doguzan oztopoak: Elias profetearen bizitzan eta Jainkoaren Seme Jesusen beraren bizitzan aurkitzen doguz: Jesusen berbea ez dabe ulertzen, ez dabe onartzen... euren buruetan beste irudi bat daukelako. Elias aurrean darabile, sasi-profeten guzurra agerian jarri daualako, eta Jezabel erregineak haren heriotzea zin egin dau.
Eliasek bertan behera itzi gura dau Jainkoagandik hartutako eginkizuna; baina Jainkoak bere ogiaz janaritu eta indartuko dau...
Zer gertatzen da gure etxeetan, senideok? Hainbeste guraso bizi dira nekatuta, seme-alaben edo loben gaurregungo jokabidea eta bizikerea dala-ta; euren ohitura edo jokabide asko baztertuta daukez, eta beste era batera bizi dira. Batez ere elizbidea eta Jainkoagazko hartu-emonak itzi dabez bertan behera, eta onartu-ezineko jokabideetan diharduela-ta. Zer egin? Ezer ezin egin! Hauxe da askok uste dabena, eta euren burua bazterreratu egin dabe, gazteek eurena egin ahal izan daien.
Ukatu egiten ete dabe nagusiek euren lehengo mundua, fedea, jainkozaletasuna, sakramentu bizitza, eta abar? Ez, baina, euretatik apur bat edo gehiago aldenduta, hotzituta dagoz. Eta horrela ezin izan daitekez seme-alaba-loben eredu!
Lehen gauza asko ta asko, batez ere elizbidekoak, ohituraz jarraitzen baziran, gaur jakintza eta ardurea eskatzen jakuz. Eta horretarako batzarrak eta topaketak eta aparteko otoitzak-eta eskeintzen jakuz. Jainkoak gugan dauan uste ona eta itxaropena gauzatu gura badogu, euretara jo behar dogu, adorez, uste onez, bildur barik eta asti faltearen atxaki barik.
«Neu naz zerutik jatsitako ogi bizia» dinoan Jesus onartu, eta Eukaristia ospatu ta bananduz; eta haren inguruan Jainko seme-alaben familia eratuz, ezaugarri izan daiten, Jainkoaren Espirituaren arabera alkar maitasuna gauzatuz.
Izan gaitezan eskuzabal Jainkoagaz.
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home