URTEAN ZEHARREKO XXII. DOMEKEA —B—
HOMILIA
Senideok: zenbat bider aitatzen dogun «Jainkoaren Legea»; eta zenbat eztabaida sortzen dan bere inguruan! Gaurko Liturgiak ere Jainkoaren Legea aitatzen dau, eta bertara hurreratzen gaitu. Laster ikusten dira Lege hori ulertzeko edo gauzatzeko era bi: bata legelariena izango litzateke, eta bestea Jainkoaren maitaleena.
Lehenengo irakurgaiak Deuteronomio Liburua idatzi daben abade giroko jakintsuen eztabaidearen ondorioa dakarsku: hartu Jainkoagandik jatortzun Lege hau eta bete eizu ezer ere aldatu barik, izen eder eta handi bat izan daizun zure inguruan...
Santiagoren gutunean aurkitu dogu Legea itxurakeriaz hartu daitekela. Gero Ebanjelioak, Jesusek eta Farisearrek dauken eztabaidan, oraindino argiago itzi deusku legekeria hori ohituretan, azalkerian eta errezkerian galdu daitekela.
Honen aurrean, batez ere ezjakinek, hauxe esaten dabe: ardurazko gauza bakarra ona izatea da, inori kalterik ez egitea.
Baina bai Santiagoren gutunaren idazlea eta baita Markosen ebanjelioan agertzen jakun Jesus ere, nahiko harutzago doaz: lehenengoak entzule arretatsu izatera gonbidatzen gaitu, eta entzunaren betetzaile izatera, jainkozaletasunaren erakutsi lez nahigabetan dagoenaren laguntzaile izatea jarriz. Honetan bat dator Deuteronomioko legelariagaz: Jainkoaren entzule izan behar da haren Legea bete ahal izateko.
Ebanjelioak, horraitino, agerian jarten deusku gure zauria: Farisearrek zaharren ohiturei jarraitzen eutsen, baina non euken bihotza? Esan geike, Jainkoari entzun barik, gauza batzuk iragarri eta hareexek beteten jarten ebela euren ardurea. Eta Jesusek gogor salatzen dauz.
Jesusek, ba, Jainkoaren entzule arretatsu egin gura gaitu, gure barrua zuzendu eta osatu daiten, eta handixik sortu daitezan Jainkoaren gogoko lirateken esaldi garbi, eginkizun zuzen eta maitasunezko egintzak. Bilatu daigun, ba, ohituren azalkeriatik urten eta Jainkoaren entzule izatea. Esan daigun hau otoizgiroan:
Maitasunaren eta opari izatearen Legea
emoten deuskuzun Jainko ona:
egin naizu zure esanen entzule arretatsu;
atara naizu ohitura hustuen ziurkerietatik
eta inori kalterik ez egite hutsetik;
emoidazu barru apala, begi zolia,
behartsua non dagoan eta nor dan ikusiz
harengana hurreratu eta
zure poza eroateko gauza izan naiten.
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home