2006-11-03

URTEAN ZEHARREKO XXXI. DOMEKEA /B

HITZALDIA


Senideok: bada gaur egungo ezaugarri bat entzutea? Badakigu entzuten? Nahinon da zaratea, edo nahinon zabaltzen da oihua... Baina nork entzuten dau? Entzuten dakianak ikasi egiten dau, eta barruan hausnartu egin daike eta bere aldetik irakatsi. Badakigu, senideok, entzuten?


«Entzun, Israel: Jainko gure Jauna bakarra da...» esaten ikasi egin dau judeguak, eta egunean zehar hiru bider errepikatzen dau otoitz hori. «Maisu! —ebanjelioan— zein da agindurik behinena?» Eta Jesusen erantzuna Deuteronomio liburukoa da: «Entzun, Israel: Jainko gure Jauna bakarra da... Eta bigarrena hauxe da...». Jesus, senideok, ez da geratzen galdereari huts-hutsean erantzutean. Apur bat harago doa. Entzungo ete deutso Lege-maisuak, ala «hori ez deutsut galdetu nik» esanda, alde egingo ete dau?


Galdera bat egiten dogunean, erantzun zehatza, laburra, itxaroten dogu, ala zabalik egoten gara erantzuleak emon gura deuskunera? Zelango aldea egoten dan, senideok, galdegileen artean. Batzuk, eurek uste dabena ziurtatu gura izaten dabe, ez besterik; beste batzuk, ostera, euren jakintza handitu, luzatu, sakondu egin gura dabe... Zelango aldea euren artean!


Gure artean askok esaten dabe «hauxe ikasi dogu gurasoengandik, eta hauxe egiten dogu». Biana danok dakigu hartutakoa bere horretan badaukagu, denporearen joanak galtzera daroala. Gurasoengandik hartutakoak zaintza bat behar dau, sakontze bat, iragarte bat... Bestela, han doa galtzen. Eta nabarmena da sinismen mailan gure gurasoengandik hartutako altxorrak egin dauan atzerakadea.


Entzun, ba, Jesusen esana, senideok. Ez deusku harek labur-labur erantzun gure ustea baieztuz. Apur bat aberatsagoa egin gura dau gure ustea eta gure jakintzea, eta «bigarrena hauxe da» esango deusku.


Gure sinismena benetan estimatzen badogu, aintzat hartzen badogu, entzule on bihurtuko gara, beti ere harago joateko asmotan, eta gertu. Baina, tamalez, Jainkoagazko hartu-emonetan gitxiengo bategaz konformatzen ez garan...


Jainkoari entzun ahal izateko, senideok, barruan isiltasun egiten jakin behar da; inguratzen gaituen hainbeste doinu eta zarata isiltzen jakin behar da; Jainkoak baino beste inork ere ezin daikela bete gure bizitza uste izan behar da... Orduan, bihotz zabalez eta ustetsu egingo deutsogu Jesusi galderea, ez geuk uste doguna entzuteko eta baiezteko edo ziurtatzeko, bere erantzunetik aberasteko baino. Eta orduan entzungo dogu bere ahotik: «Ez zagoz Jainkoaren erreinutik hasago».


Jesus Jauna; ikusten gaituzu gure erosokerian
elizkizunak-eta hirusten, hauxe ikasi dogula-ta.
Baina ondo dakizu entzuteko zein gorrak garan.
Emoiguzu gure usteetatik eta erosokeriatik
urteteko adorea eta ausardia,
eta Jainko bila ibilteko gogoa,
zeure jarraitzaile eta ikasle izateko poza
gure eguneroko bizitzan agertu daigun.