2006-10-20

URTEAN ZEHARREKO XXIX. DOMEKEA /B

«DOMUND» eguna

Senideok: «Domund» eguna ospatzen dogu. Elizeak Jesukristoren mezu salbagarria ludiko lurralde guztietara zabaltzeko daukan konpromezua gogoratzeko eta ospatzeko eguna. Gure artean, Katekesiko umeak daukaguz, euren etxeko eta katekistekaz.

Baina antzemon geikeo egoereari… Zer dinosku gaur egun nagusioi «Domund» dalakoak? Ezer gitxi! Edo, behar bada, ezer ere ez. Eta, zer dinoskue umeok gure artean? Ba, behar bada, "honeik baino ez dabilz Katekesian?" —galdetzea.

Horixe da gure egoerea, senideok. Lehengo aldietan zeozer ginala uste gendun, eta antzemoten gendun. Gaur bestelako antzik emoten dogu… Eta Elizeak bere misiolari izatea ospatu daigula gura dau, eta aurten Xabierko Frantzisko gogoan hartuz.

Irakurgaiek Jainko xamurra iragarri deuskue. Alde batetik gure txikitasunak, makaltasunak eta baita pekatuak ere, samurtasunez, alboratzen dauzena; eta beste aldetik, Jainko Seme Jesusek, bere abadetzan, gure aldeko buru-eskeintza egiten daualako, Aitagazko hartu-emonak uste osokoak izan daitekezela dinoskuna.

Bildurrezko Jainko irudia badarabilgu (eta erabili izan dogu!), laster lepo emongo deutsogu (eta emon deutsogu!). Holango Jainkorik geuk ere ez dogu gura; eta baztertu egin dogu. Gure umeentzako ere ez dogu gura, eta ez deutsegu irakasten haregaz hartu-emon samurretan hazten. Egoera honetan, zelan izan geintekez misiolari?

Entzun Jesusek anaia biei egiten deutsen galderea: "gauza izango zaree, gero, nik edango dodan kaliza edateko?" Hareek bulartsu erantzun eutsoen. Eta geuk ere egin geike, erantzun horrek zer eskatzen deuskun konturatu barik. Gogoratu egingo deutse Jesusek zein dan esangurea. Gogoratu daigun geuk ere:

—Gure umeokaz konpromezu handi bat daukagu: eurentzako eredu izan behar dogu, bai giza-mailan eta baita sinismen-mailan ere. Eta sarriegi eta nahinon entzuten dogu, gurasoek han-hor-hemen izten dabezela euren umeak, besteei ardurak eskatuz…

—Herrialde behartsuekaz ere konpromezu handi bat daukagu: euren ondasunak jaten dihardugu eta eurak pobrezian izten. Zuzenbideak eskatzen deusku eurekaz gure ondasunak alkarbanatzea, eta baita gure sinismena ere, geure menpeko lez barik, senidetzat euki daiguzan, Aita Jainko baten seme-alaba gara-ta.

Ezer gitxi egin geike hirugarren munduak jasaten dauan zuzengabekeria, esplotazinoa eta hango arazo, izurrite eta abarrak salatzeaz. Gorrikeria horrei ez deutse erantzun behar, sarritan uste dogun lez, ahaltsuek edo aberatsek, geuk guztiok baino, bakotxak bere hondar garautxoa jarriz. Gitxi dala-ta, bera ere jarten ez badogu…

Begira Xabierko Frantziskok egina: ez eban arazoa konpondu, baina bai mahairatu eta alderdiak alkarrenganatu. Bide horretan jarraituko bagendu… Jesusen kaliza edaten jardungo geuke. Ezin dogu bakotxak bere aldetik, bakarrean; alkarregaz izan behar dau, eta Elizeak dei egiten deusku.

Izango gara gure txikientzat eredu? Ardurak inori leporatu beharrean, jarriko dogu bakotxak bere hondar garautxoa? Egingo dogu lan Jainko xamurragan uste on osoa jarrita, gizaki guztien senidetasuna lortzeko, eta danok Jainko Aita bakarra goraltzeko?

Jainko Aita: zure seme-alaba guztiak
Seme nagusi Jesusen mahai inguruan gura gaituzu;
emoten deuskuzuz ereduak eta laguntzak,
baina erosokeriak bihozgogortuta bizi gara
arduragabekeria eta kontsumokerian.
Itzartu gaizuz eta adoretu
geu ere gauza izan gaitezan
zure Semearen Kaliza edateko,
gure umeentzat eredu izateko
eta behartsuekaz gure ondasunak banatzeko.