Sortzez Garbia (2005/12/08)
Sortzez Garbia
Zelango aldea! Alde izugarria! Jainkoaren aurrean batzuk, norbere burua zuritu-nahian, inor salatzen hasten dira (Adanek Eba salatzen dau, Ebak Sugea...); beste batzuk, bildurkilik, baina apalki, alkarrizketan sartzen dira, norbere txikitasuna eta ezina ere aurkezten deutsoe Jainkoari..., eta onartuak dira (Maria).
Lehenengoek, pekatua autortu ezinda, ukatu egiten dabe Jainkoaren deia, eta galtzaile urteten dabe, Jainkoak hareengan salbamenik ezain dau-ta gauzatu. Mariak, Jainkoaren esanetara jarteaz, bere txikitasunetik atarata, handi bihurtuta ikusiko dau bere burua, eta, Espirituaren eraginez, besteen poz eta salbamen bihurtuko da.
Espirituaren eraginez, urten egingo dau Mariak bere ingurutik, Jainkoagandiko poza bere etxekoei ere eroatera. Eta zelango agurra entzungo dauan!: «Zorionekoa zu, sinestu dozulako!»
Handia da Maria, bere txikitasun ta umiltasunean, haren handitasuna ikusten dakianarentzat. Ez da Maria handi Jainkoaren ama dalako, sinestun dalako baino. Isabelek Mariaren sinesmena aintzaltzen dau; Jesusek «zeure sinismenak salbatu zaitu» esanez, pekatarien, gaisoen eta bere grazia hartzeko gauza direnen sinesmena goratuko dau...
Sinesten dogu? Jainkoagaz alkarrizketan jarduteko gauza gara? Eta... baietz esaten dogu, gure sinesmenik eza edo sineskeria askotan autortzeko gauza ez garelako. Jainkoa asagora (apartera) bialtzen dogu; geuk ez ikusteko, entzuteko edo somatzeko lekuan egon daitela gura dogu. Geure ezinei erantzun ezin deutsegunean, euretatik atara gaizala nahi dogu; ordura arte, baketan, lasai, itzi (laga) gaizala...
Baina badaki Jainkoak (bere umeak gara-ta, ondo, geuk geure burua baino hobeto, ezagutzen gaitu-ta) ezer gitxi garena bera barik, edo beragandik at. Eta, noizbehinka, dei egiten deusku, eten barik.
Zergaitik uste dabe Adanek eta Ebak kontuak hartzen jatorkela Jainkoa eta galdu egingo dauzela, euren larrialditik, pekatu-egoeratik, ataratera badator? Ez dau holango usterik Mariak: zergaitik?
Gogoan hartu daiguzan Pauloren berbak ( ) eta jar gaitezan Jainkogazko alkarrizketan; ez deiogun bildurrik izan. Jainkoak ez deusku gure txikikeria salatuko edo gure pekatuak aurpegiratuko; horrei ez-ikusi egingo deutse eta bere eginkizunetarako deusku deituko. Sinestun lez jokatzea (Mariaren antzera) Jainkoagan uste on osoa jartea da; berak gugan egin gura dauana onartzea; «hona hemen Jaunaren mirabea (edo morroia)» esatea. Hortik aurrerakoa Jainkoak berak egingo dau; Espiritua lanean hasiko da; eta Salbamena sortu eta erdituko da. Baina geuk emon behar deutsogu baietza Jainkoari...
Hutsik dagoz Seminarioak. Baina, era berean, zerbitzari barik dagoz gure eliz-alkarteak, eliztar bakotxa bere lekutan, formal-formal, beste batzuk egin daiela eskatzen, eta norbere ezinak inori leporatzen edo aurpegiratzen; eta hutsik dagoz gure etxeak ere (zenbat!) Jainkoagazko hartu-emon barik... Zein hutsa dan holango etxea!...
Maria sinesmenak atara eban bere etxetik Isabelengana jainko-poza eroateko. Holangoxea da Jainkoa: gure bizitza pozez, alaitasunez beteten dau; gure txikikeria eta loturetatik askatzen gaitu, eta, onartu gura dauanarentzat, salbagarri bihurtzen gaitu.
Baina bildur gara, ezta? Jainkoaren bildur, ala geure ondokoek gure txikikeria eta pekatuak aurpegiratuko deuskuenaren bildur? Erantzuna ez da eurak salatzea eta norbera baino pekatari handiagotzat salatzea, uste on osoa Jainkoagan jartea baino. Mariarengan egin dauana egingo dau gugan ere.
Sinestun lez jokatzeko adorea eskatu daigun...
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home