2006-11-18

URTEAN ZEHARREKO XXXIII. DOMEKEA


«Elizbarrutiaren eguna»: "Zeurea, geurea. Es tu Iglesia. Participa"

HOMILIA

Senideok: (I.ren gorpuaren inguruan) hurreratzen gara gaur Eukaristiara gure Elizbarrutiaren eguna ospatzera. Izan daigun gogoan: Elizan gara sinistun, kristau, Jainkoaren Herri; pertsonea familian dan lez, edo auzoan, edo herrian, edo gizartean... Alkarregaz gara, ez bakarka, hartu-emonetarako eginda dagoan gizaki gara.

Gaurko liturgiako irakurgaiek, senideok, azkenera begira jarri gaitue, Liturgiak azken aurreko domekea ospatzen daualako. Datorren domekea azkenekoa izango da, Kristoren Erregetzea ospatzen dan domekea.

Azkenera begira jarten gaituen une horretan, azken hori graziazkoa eta salbamenekoa izango dala dinosku. Jainkoak bere herriaren ardurea daukalako, batez ere inork kontuan hartzen ez dauzanena, baztertuena, aurrean erabiliena..., eurekaz sufritzen daualako (horixe agertu jaku bigarren irakurgaian, Jesukristoren abadetzea behin betikoa dala, bere burua eskeintzen daualako pekatarien salbamenerako, gogoratuz), eta bere seme-alaba guztiak beragaz gura dauzelako.

Horixe da gure Elizbarrutia, eliza lez: Jainkoaren seme-alaben etxea, familia handi bat. Han, zahar eta gazte alkartzen gara, ume eta nagusi; zindo, indartsu, jakintsu, baina baita gaixo, ahul eta ez-jakin ere..., maitasun baten alkarren ardurea daukagula.

Hortxe daukagu gauzatu beharra Jainkoaren maitasuna, gogoratzen deusku gure Gotzain jaunak. Eta alkarren ardurea daukagula, egintza batzuetan agertuko dogu.

Lehenengo ta behin, sinismena transmititzea dago. Nagusiok aintzat daukagun jainkozaletasuna, gure seme-alabei eskuratzen deutsegu. Honeek ikusi egiten gaitue Jainkoagazko hartu-emonetan; elizea geure sinismen-etxe dogun lez, gure etxeak ere eliza txiki dira.

Bigarrenez: Jainkoagazko hartu-emonetan, senideok, beti erne egoten ikasten dogu, gaurko ebanjelioan Jesusek irakasten deuskun lez. Aldi txarrak datozenean bakotxak berea babestu gura izan daike; gure egunotan askok jo dabe horretara. Jokabide honek zatitu egiten gaitu, eta alkarrentzat ezezagun eta arerio ere bihurtzen gaitu, batzuetan.

Jainko seme-alabatasuna aintzat hartzeak beste jokabide batera eroango gaitu: alkarregaz senidetzera, alkarren ardurea hartzera, alkar ezagutzera, agurtzera eta arazoei alkarregaz aurpegi emotera.

Hauxe da egin geiken aukerea. Eta laster azaleratzen da aukera honen frutua: gure senideak ez doguz bakarrik itxiko euren atsekabeetan; lagundu egingo deutsegu, euren alde otoitz egingo dogu; eta geure burua ere ez dogu bakarrik ikusiko, lagunduta baino

Ba, guzti hau sustatu eta aldeztu gura dogu, senideok, Kristoren oparia ospatzeko bere mahai inguruan alkartzen garanean. Hau ez da eginbeharren arteko bat, guk, bizi izateko beharrezko dogun jai-ospakizuna baino: Jainkoari emoten deutsoguz eskerrak, maitasunean sortu eta hartzen gaitulako (gaur gure senide I. hartu dauan lez), eta bizitzan zehar bere berbeaz argitu eta bere Semearen gorputzaz indartzen gaitulako, bere herri eta bere etxe honetan.

Eskertu deiogun, ba, eliza honetako egin gaitulako, eta eskatu deiogun Elizbarrutiko parrokien artean alkartasuna indartu daigula, eta baita alkarrenganako ardurea eta gure inguruko behartsuenganako alkartasuna ere. Hau da: beti erne bizi izan gaitezela, eta zuhur aurkitu gaizala, edozein unetan berari harrera on egiteko gauza izan gaitezan:

Zein zuhur eta erne bizi izan zinan Jesus!

Begiak zabaltzen eta ingurua arakatzen

erakutsi zeutsen zure ikasleei,

beti Jainkoaren nahia zelan gauzatu bilatzeko.

Geugan jarri dozu zure uste ona

orain eta hemen, aldi bakotxean,

zure ikasle erne eta zuhurrak izan gaitezan

alkarren ardurea hartuz, alkar maitatuz...

Gure Elizbarrutiaren eguna ospatzen dogun honetan, Jesus,

alkarregaz garenaren konzientzia emoiguzu.

azkenean izango dogun salbamenaren pozean

zeure itxaropena zabaldu daigun inguruan.