JASOKUNDE
ANDRA MARIAREN ZERURATZEA (08/15)
HOMILIA
Senideok: hona hemen gu Jasokunde egunean, gure Ama Mariaren zeruratzea ospatzen. Benetan egun pozgarria, senideok! Eta pozgarria, batez ere, sinismenetik begiratu ezkero. Sinismenetik dinot, eta ez oneraspen edo debozino hutsetik. Gauza ederra da debozinoa; zer esanik ere ez! Baina gure erantzuna dan debozinoak Jainkoaren grazia eta Espiritu santuaren argitasuna ditu beharrezko ta aurrelari. Eta Jainkoak gugan jarten dauan hazi hori, Espirituaren grazia hori, sinismena dogu.
Gure Ama Maria sinismendun emakumea, autortzen dogu. Sinismen horrek Jainkoari zabal-zabalik egotera bultzatu eban Maria. Eta Jainkoak bere grazia ugariz bete eban, bere Semearen amatzat aukeratzeraino. Eta Mariak, sinismenari esker, atzerutz egin ez ebalako, bere uste on osoa Jainkoagan jarrita eukalako baino, “Hona hemen Jaunaren mirabea” erantzun ahal izan eban. Eta Jainko Semea erdituz, honen gurariz, geure ama bihurtu da. Eta guk, bere seme-alaba zintzo lez, goresten ta aintzaltzen dogu, zeruetara gorputz-arima jasoa autortuz.
Ez daigun begi-bistatik galdu Maria emakume arrunt bat baino ez dala; bere herriaren Mesias egarrietan, Jaunak agindutako Salbamenaren zain egozenetarikoa. Bere sinismena, ba, herrikoi-herrikoia zan; eta halantxe adierazten deusku Lukas ebanjelariak Mariaren ahoan, guk Magnificat izenaz gogoratzen dogun otoitza ezartean; eta baita umearen jaiotzatik zortzigarren egunera Jerusalengo Tenpluan aurkeztean, horrela Moisesen Legea beteaz.
Benetan nahi badeutsogu, ba, gure Ama Mariari aintza ezin ederragoa emon gaurko egunean, ez dagigun heldu-ezineko goietara jaso, eta hodeiez, izarrez ta aingeru-buruz estaldu. Begiratu deiogun aurpegira; ikus daigun emakume-aurpegi irripartsua, Jainkoaren graziaz beterikoa; ikus daigun grazia hori banatzen, eta Isabel bere senidearen sabelean, gero Juan Bateatzailea izango dana pozarren saltoka, eta baita kurutze ondoan zutunik, hilten egoan bere Semearen berbak entzuten: “Andra, horra hor zure semea”, eta bihurtu daigun benetan geure ama. Zelan? Berak emon deuskun Salbatzaile dan Jesusengana hurreratuz; berau ezagutzen ta maitatzen ahaleginduz, eta bere ebanjelioa gure bizitzako araubide bihurtuz.
Izan daitela, ba, gaurko egun hau, Maria aintzaltzeko, eta bera aintzaltze ta goraltze horretan geure sinismen-itxaropenak indartzeko ta barriztatzeko; gora begiratuz, gure azken tokia Jainko Aitaren altzoan dogula benetan somatzeko ta horren pozean bizi izateko.
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home