2006-10-27

URTEAN ZEHARREKO XXX. DOMEKEA /B

Hitzaldia

Senideok: lehenengo irakurgaia entzutean hauxe bururatu jat: zein errez egiten jatan harrera on egitea nigana esku beterik edo erregaluekaz bajatort inor; baina zein gatx egiten jatan harrera onik egitea nigana eskale jatortazenei....

Badirudi gizakien berezko jokerea ateak iztea, edo txikiagoa zanpatzea, edo alkartuak sakabanatzea dala. Geure txikikeriak eta besteei deutsegun bildurrak garoaz horrela jokatzera. Baina Jainkoak, guk sinisten dogun eta maite dogula dinogun Jainkoak, ez dau jokatzen holan, alderantziz baino: sakabanatuak batu egiten dauz; eri dagoana sendatu; txiroa eta behartsua ondasunez bete..., eta hauxe jokabide hau gura izango leuke bere seme-alaba guztiontzat, gu guztiontzat, alegia.

Ai gogoan hartuko bagendu bigarren irakurgai lez euki dogun Hebertarrei egindako gutunean esan jakuna. Gu guztiok gara, Bateotik gehiago, abade, Jesukristoren abadetzan esku hartzen dogulako. Harek ez dau abadetzea berez hartu, edo ohostu; eta geu ere ez gara geurez abade, beragan baino. Jesukristoren abadetzea bere burua eskeintzea da. Horixe da Jainkoaren jokabidea: bere izakera guztia isurtzen dau bere seme-alabongana, batez ere behartsuengana...

Guzti honek ebanjelioa jarten deusku aurrean. Ondo legoke astiro aztertzea... Badira Markos ebanjelariak txukuntasunez jarten deuskuzan urratsak. Astiro aztertu daiguzan:

Itsua (Timeoren semea, izen eta guzti. Aurreko domeka baten agertzen zan aberatsa, izen bakoa zan...)

-Bide bazterrean dago: eskale, adi
-Bere egoeratik urten egin gura dau, eta Jesusen aurrean autortu egiten dau bere itsu izatea
-Jentearen haserreak ez dau bildurtzen, ez isiltzen
-Jesus ez dau autortuko politikari huts lez (Debiden Seme), errukia izan daiken errege-seme lez baino
-Bere lehengo bizitza eta aberastasun guztia (soingainekoa) jaurti, eta Jesusen jarraitzaile sutsu eta alaia bihurtuko da...

Zenbat ikasi geiken ebanjelariak emoten deuskuzan urratsak aztertzeko asti apur bat eta gogoa hartuko bagendu...

Jentea
Jesusi hur-hurretik jarraitzen deutson jentea itsu-gor dagoela dirudi, txunditurik-edo, inguruko beharrizanik ez dauala ikusten dirudi; edo beharrizanik ikus-entzuten badau, ez ikusteko, edo isiltzeko ahaleginak egiten dauzela dirudi. Maisua ez kezkatzeko edo ez atsekabetzeko, antza. Holan jokatzen ete dogu geuk ere?

Jesus
-Adi dago inguruko gertakarietara, eta batez ere beharrizanetara: deitu hona!
-Ez dau suposatzen. Galdetu egiten dau; entzun egiten dau; erantzun egiten dau... Jesusengana sinismenez jo ezkero, beharrizana autortzen jakin ezkero, uste onez hurreratu ezkero, erantzuna jasoten da.

Aurreragoko domekan irakurten gendun ebanjelioko aberatsak Jesusi jarraitzea baino gurago ebazan bere ondasunak, eta haren izenik ere ez dakigu. Zelan aurkitzen gara gu: daukaguna galtzeko bildurrez hurreratzen ete gara Jesusengana, eta inguruko behartsuak-eta ez daizala ikusi gura ete dogu?

Jesus Jauna, Dabiden Seme errukitsua:
bide bazterrean ikusten gaituzu
geure usteek itsututa gaukezela;
edo politikeak, edo diru-goseak edo erlijiokeriak
itsututa, edo geure beharrizana autortu gura ez-eta.
Ez deutsugu sinismenezko eta uste onezko
eskari dexenterik egiten... Erruki zakiguz!
Emoiguzu begietako eta, batez ere, bihotzeko
argitasuna eta adorea
gure beharrizana autortzeko gauza izan gaitezan,
eta zuganako bidean, geure ingurukoak ere
erakarri daiguzan.
Jainko eta errege bizi zara-ta gizaldi eta gizaldietan. Amen.