URTEAN ZEHARREKO XXI. DOMEKEA —B—
(2006/08/27)
HOMILIA
Senideok: Une batera heltzean, Jesus ez dabil txantxetan; bere gordintasun osoan mahairatuko dau bere eginkizuna, horrela eginez lagun asko galdu behar badauz ere. Ez hori bakarrik; bakarrik gelditzeak ere ez dau bildurtzen. Begira zer dinotsen bere ikasleei: «Zuek ere alde egin gura dozue?»
Holango galdera erabagikorrek bildurtu egiten gaitue. Guk gauzak ez doguz ikusten baltz edo zuri, urdin edo gris baino. Gure hizkuntza (Jainkoagazko hartu-emonetan esan gura dot) ez da izaten zirt edo zart, beste hauxe baino: bai baina, batzutan... Erabagikor ez dan hizkerea, ba. Era horretara ezin daiteke aurrera pausurik emon. Ez-baitako egoerea ez da onartzekoa erabagi bat eskatzen dan uneetan.
Ba, begira: gaurko liturgiak hauxe irakasten deusku: Jainkoagazko hartu-emonetan ere, aurrera pausurik emon gura badogu, behintzat, erabagikorrak izan behar dogula, zirt edo zart egitekoak.
Lehenengo irakurgaian Josue aurkitzen dogu Jainkoaren Herriari erabagia eskatzen: «Noren zerbitzari, jarraitzaile, izango zaree?» Zeozergaitik eskatuko eban Josuek herriaren erabagi hori. Argi ete euken Jaunari zerbitzeak zer eskatzen eban? Ziur ezetz! Baina aurkituko dau argitasuna erantzun erabagikorrak ibilpidean. Ezbaian egotetik ez da sortuko ezelango argitasunik.
Zeintzuk dira jarri leitekezan atxakiak? «Hizketa gogorra dok hau! Nork onartu jeikek? Ez da ulertezina edo ulergatxa, ez; bizikeran aldakuntzak eskatzen dauzan hizkerea da; zirt edo zart egitea eskatzen dauana. Horrexegaitik da gogorra, onartezina. Eta bati baino gehiagori eragingo deutso atzera.
Josueren aldietan, herriak berak hartuko dau erabagia, aho batez. Danek ulertzen eta uste ete eben bardin? Ziur ezetz! Baina alkar berotu ezkero, norbere hotzaldia edo ezbaia laster menperatzen dira.
Horixe da Jesusen taldean ere gertatuko dana. Bulartsu erantzuten deutso Pedrok, bere berbea aurreratuz: «Zuk betiko biziaren berbak daukazuz!»
Zelan aurkitu geikez betiko berba eguneratuak apostoluen bizikeran? Guri ulergatx edo, hobeto esanda, onartezin egiten jakuz San Pauloren gaur irakurritako berbak: «emazteak egon beitez senarraren menpean». Ez da besterik, holango esaldiak jasanezinak doguzelako baino. Bere testuinguruan irakurriko bagenduz, eta emaztearen alde, eta senarragazko bardintasuna bilatzen dabela ulertuko bagendu... Baina ez. Horretan geu azaltzen gara zirt edo zarteko, eta entzuterik ere ez dogu gura.
Paulok berak dinosku ulergatxa dala, Kristoren eta Elizearen arteko maitasunetik kanpo. Zein erabagikorrak izango ginateken betiko bizitza bilatuko bagendu! Geure erantzun egingo geuke Pedrorena: «norengana joango gara; zeuk daukazuz betiko bizitzarako berbak».
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home