2006-08-18

Urtean zeharreko XX. Domekea —B—

2006/08/20koa



Senideok: gaurko liturgian gauza bat azpimarratuko neuke: mahaia. Esaera Zaharren liburuak, Jainkoak (edo bere irudi dogun Jakituriak) prestatuta daukan mahaira egiten deuskula dei, esan deusku. Ogia eta ardaua dira mahaiko jaki bereziak. Gure Eukaristia dakarsku gogora.

San Paulok hauxe esan deusku: «Ez zaiteze ardaoz mozkortu...; bete zaiteze, ostera, Espirituaz...». Adi jarri gaitu, mozkorrak beragaz nasaikeria dakarrela-ta...

Ebanjelioan Jesus ere ogia eta ardaoa aitatzen jatorku; baina, oraingoan, ogi-ardauok bere gorputz-odolak dira. Ez deutsoe ulertzen entzuleek. Hau ulertzeko liturgi-giroan, eta batez ere Eukariti-giroan sartu behar da.

Jainkoaren Espirituaren argitasunak lagundu deigula irakurgaiotan murgiltzen geure bizitzarako irakatsiak atara ahal izan daiguzan.

Garrantzi handia dauka mahaiak gure kulturan; euskaldunok mahai zaleak gara; eroso gagoz mahaian jarrita; eta laster zabaltzen deutsogu mahaia etxera jatorkunari, harrera on bat egiteko, eta jarten deutsoguz ogi-ardauak eta beste zeozer behingo-behingoan. Holango mahaian hizketaldia egiten da, barriak emon eta jaso egiten dira, eta kidetasunak indartuta urteten dau.

Mahai horretatik errez ulertu daiteke Eukaristiaren mahaia. Han ogi-ardauek itxaroten deuskue, Jesukristoren gorputz eta odol lez; eta Jainkoaren berbeak agertzen deuskuz eguneko barriak; eta bizitzarako argibide eta elikagai (edo alimentu) doguz, eguneroko bizitzan Jesukristoren autorle (edo testigu) izateko.

Gure bizitzak gaur egun aurkitzen dauzan eragozpen asko ta handietan, beharrezko dogu holango mahaia. Zoritxarrez, etxe asko ta askotan galduta dagoen mahaia da. Holango mahai batek bere astia behar dau, eta asti barik bizi gara; bere alkarrenganatze gogoa eskatzen dau, eta sarriegitan doguz nahiago telebistako barriak eta barrikeriak. Familietan topaketa leku barik, urdaila beteteko baino ez da erabilten mahaia: "aska" bihurtu dogu. Hau dala-ta, familian aurkitzen ez dana, beste leku batzuetan aurkitu gura izaten da; baina hareetan betekadak baino ez dira egiten; eta hortik... nasaikeria dator...

Holango mahai batetik ezin daiteke Eukaristiaren mahaira jo. Horregaitik ez da mahai hori gaur egun beharrezko ikusten. Eta holango mahaitik gatx sortu ahal izango da danok eskatzen dogun bake mahai edo alderdi politikoen mahaia ere.

Bai, senideok. Jainkoagana joten badogu, harek estutu egingo gaitu, geuretik emoten ikasteko. Behar bada, horrexegaitik egiten jaku gatx Eukaristia mahaira hurreratzea. Baina mahai honetan elikatu eta heziko bagina onura hobeak aurkituko geukez, bai geuretzako eta baita gure familiarentzako eta herriarentzako ere.

Badaukagu Eukaristiara joteko arrazoirik.