URTEAN ZEHARREKO XXXII. DOMEKEA /B
1Erg 17, 10-16
Sal 145
Hbr 9, 24-28
Mk 12, 38-44
HITZALDIA
Senideok: mezatan gogaitu (aburridu) egiten garala esaten dogu, edo ez dogula ezer ulertzen. Zer behar ete dogu mezatan ulertzeko edo disfrutatzeko? Gaurko irakurgaietako alargunek emoten deuskue erantzuna: Jainkoagaz ezin ibili daiteke gitxiengoekaz; Jainkoari dana emon behar jako, edo ez jako ezer emoten. Baina guk zenbat kalkulu egiten dogun Jainkoagazko hartu-emonetan, ezta?
Aurreko domekan esaten gendun zein zan lehenengo agindua: «...maitatu eizu zure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiez...». Gaurko irakurgaietako alargunek gauzatzen dabe agindu hau, eta dira guretzat jarraibide eder.
Urun apur bat; olio tanta batzuk... Eta... «egidazu neuri lehenengo... urun-olioak ez dira-ta amaituko...». Eta sinistu! Norberetzat eta norbere semearentzat bizi izateko euken azken jakia erbesteko iheslari bati emon, haren berban uste on osoa jarrita, Jainkoagandiko gizon ikusten ebalako. Beharrizanak bai irakasten dauala norbere urritasuna ere alkarbanatzen!
Hauxe da Jesukristoren abadetzan aurkitzen doguna: honek ez dauz opariak (gauzak) eskeintzen, bere burua baino. Sareptako alargunak ez dau gauzatxo bat, sobra daukanetiko bat, emoten, berari eta bere semeari bizitzan irauteko geratzen jaken azkena baino.
Hauxe da Jainkoari bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiez erantzutea; bene-benetan maitatzea. Holango maitasunak ez darabil kalkuladorarik; norbere burua emoten dau. Hori egiten ete dogu guk mezatara oinak tatarrez dakarguzanean, edo geure lekutxoan eta geure errezotxoetan ezkutatzen garenean, edo otzarara sobra daukagunari ondo begitutako txanpontxo bat botaten dogunean, edo eskerri emoten ere, edo ondoan doana agurtzen ere ez dakigunean... Ez gara gogaituko, ba!
Zenbat atxaki jarten dogun, senideok. Zenbat kalkulu egiten doguzan! Horren adierazle jarten deuskuz Jesusek Lege-maisuak-eta ebanjelioan. Asko daukanak oraindino gehiago gura dau, eta sobra daukanetik emoten dauanari ere etekin handia atara gura deutso, ondo begiratuta. Aberastasunetan dau holangoak bere uste ona.
Bihotz pobrea eta behartsu izatea behar da benetan maitatzeko! Gizakion askapena ez dator asko eukitetik edo aberastasunak pilatzetik... Behartsu egoan Elias, ihesi eta atzerrian, ezer barik; eta emakumea, alarguna eta ezertxo bat eukanak atara eban aurrera, Jainkoagango uste osoaz.
Holangoari ondo begiratzeko dinotse Jesusek bere ikasleei, hortxe daukagu-ta Jainkoari maitasunez erantzuteko adibidea. Maitasuna ez dabil kalkuloetan, zein gitxien emongo; daukan guztia emoten dau: norbere burua. Maitasuna ez dabil txantxetan eta kalkuloetan.
Noiz itxiko ete doguz guk Jainkoagazko kalkuluak! Behar bada, inoiz ere ez bere hitzetan sartzen ez bagara, bere Seme Jesusengandik ikasten ez badogu, eta uste osoa geure egintzetan jarrita jarraitzen badogu.
Lege-gizonen antzera jarraituko dogu kalkuloetan: ea kunplitzen dodan mezara berandutxo heldu arren, neurera jarraitu arren, neure debozinoetan neure lekutxoan inor molestatu barik egon arren, Jainkoagaz urrikeriaz eta zekenkeriaz jokatu arren; besteen ardura handirik hartu ez arren, eta abar. Jarrera horretan ezin daiteke elizkizun baten edo Jainkoaren erreinuaren eraikuntzan esku hartu. Normalena da, ba, gogait egitea, aburridutea, Jainkoaren erreinuaren eraikuntzarako burubideak eta adorea emon gura jakun inguruetan. Ez dogu ulertzen. Geure baino ez dogu maitatzen...
Jesus: txanpontxo bi, baina bizi izateko eukan guztia
jauretxeko atabakan bota eban alargunaren emoitza apala
goratu eta jarraibide jarri zeutsen ikasleei;
gure zekenkeria eta ohituretan jarrita daukagun ustea
gaitzetsi baino ezin dozu egin:
higuina emoten deutsugu, orduko Lege maisuek lez.
Emoiguzu, Jesus, eragin eta astinaldi on bat,
itzartu gaitezan, kalkuladorea apurtu daigun
eta hasi gaitezan benetan maitatzen,
bizitzan gogait egiteko (aburritzeko) astirik izan ez daigun,
eta gure ibilbidea maitasun detailez bete daigun.
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home