URTEAN ZEHARREKO XXXIV. DOMEKEA
«Jesukristo, diran guztien ERREGE»
HOMILIA
Behin baino sarriagotan jarten naz hausnartzen, senideok, Liturgian ospatzen doguna, eta bizitzaratuko dogula dinoguna, ete dagoan gure bizitzara eroateko lez, edo ez ete dagoan Liturgiatik eta gure eguneroko bizitzara alde handiegia. Hori baino gehiago ere uste dot, senideok (ulertuko ete deustazue?); hauxe da: gure sinismena eta gure eguneroko bizitza ez dagozela buztartuta; eta, inoiz egon badira, buztarri hori gaur egun apurtuta agertzen dala.
Galdetu eiozu unetxo baten zeure buruari, ea liturgian ospatzen dogunak ze eragin daukan zure eguneroko bizitzan. Ez erantzun bizkorregi: «ba, eragin handia!» Hausnartu apur baten, eta otoizgiroan, Jainkoari begira eta zintzotasun bila, eta orduan erantzun...
Liturgiak, azken domeka honetan, Jesukristo goraltzen dau diren guztien Jaun eta Jabe, Errege lez. Honen aurrean, hauxe uste dogu: guk ez dogu erregerik behar, nahiko errege garelako geu ere geure buruarentzat. Zelan autortu geike, ba, orduan, Jesukristo gure Errege lez, senideok?
Lehenengo irakurgaiak, piztitzarren hondamenaren ondoren gizakia agertzen dau. Itxaropenari leihoa zabaltzea litzateke: Gure Jainko Jaunak ez dau hondamena gura, salbamena baino; eta gizakiaren (geure) esku dago salbamen hori. Hau da: geugaz bat eginda dago Jainkoa. Bigarren irakurgaiak izengoiti ta guzti azaldu deusku gizaki hori: Jesukristok, maite izan gaitula eta pekatutik atara gaitula esanez, Jainkoarentzat apaiz-herri bihurtu gaitula.
Baina hau, senideok, Liturgiak gogoratzen deuskuna da. Eta gure bizitzea, ez ete dozue uste beste bide batzuetan zehar dabilana? Zenbateraino hartzen ete dogu aintzat Jesukristok pekatutik atara gaitula, eta Jainkoarentzat apaiz-herri egin gaitula? Horren barri emoten ahalegintzen ete gara, eta hortik sortzen ete da gure poza eta zoriona..., ala oraindino agintearen, aberastasunen, besteak menpean hartzearen eta holangoen atzetik gabiz?
Ba ete dauka, gero, Jesusek gugan zereginik, bere agintea eta erregetzea mundu honetakoa ez dala badino? Ez eukan ezelango zereginik Pilatogan: autortuko dau, bai, haren aurrean erregetza, eta egiaren autorle dala ere bai, eta egiarena danak entzuten dauala bere ahotsa... Baina guk? Bilatzen ete dogu egia eta honen autorle izatea eta bide horretan bizitza bera galdu behar bada ere, galtzeko gertu ete gagoz...?
Zenbat gauza esaten doguzan, senideok, esan behar dirala-ta; baina gure eguneroko bizitzan eragin handiegirik ez dauken gauzak ez ete diran...
Jesukristoren erregetzeak, senideok, Jainkoaren bihotza erakusten deusku: ez da agintearen bila dabilana, zerbitzera etorri da-ta; ez da ondasunak pilatzen dauzana, bere bizia ere emon egiten dau-ta; ez da inor menpean hartzera datorrena, lokarri guztietatik askatzen gaituana baino... Jesukristoren erregetzak, ba, zerikusi handia dauka zuzentasunagaz (justiziagaz), pekatariaren, behartsuaren, aurrean erabiliaren, baztertuaren, gaisoaren, alargunaren, inorentzat ezer ez danaren... alde dago. Eta egiarena danak entzuten dauala bere berbea esan deusku. Entzun gura ete deutsogu, ala liturgiako zaparradatxoa jasanez nahikoa dala uste dogu?
Jesus: Errege autortzen zaitugu,
zuk gura dozun erregetzea
eta guk autortzen doguna bat ez datozela...
Ondo ezagutzen gaituzu, maite gaituzulako.
Atara gaizuz, ba, gure pekatu eta ezjakinetik,
egiaren seme-alaba izan gaitezan,
zure berbea entzuten jakin daigun
eta zure gogoa gauzatzen ahalegindu gaitezan,
Jainkoaren apaiz-herri lez agertuz.
Izan zaitez, benetan, gure errege.
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home