2006-10-12

URTEAN ZEHARREKO XXVIII. DOMEKEA /B



Jk 7, 7-11: «Zuurtzia, Errege-aulki eta aginte-makila baino nahiago izan nuen»
Hb 4, 12-13: «Jainkoaren hitza, aho-biko ezpata bera baino sarkorragoa da»
Mk 10, 17-30: «ilun jarri zen gizona eta atsekabez joan, ondasun handien jabe baitzen»


Senideok: zer deritzozue gaurko lehenengo irakurgaiak egiten dauan aukereari (elekzinoari)? Jainko jakituria aginte-makila eta aberastasun eta altxor guztiak baino nahiago izan dot... Bat ete gatoz aukera eta pentsakera honegaz?

Bigarren irakurgaiak Jainkoaren jakituria hori haren Berbea dala esan deusku, aho biko ezpata zorrotz lez gure barruaren barrueneraino helduz, guztia argitan jarten dauan argitasuna izanik. Eta hori, Jainkoaren berba hori, Jesukristogan autortzen dogu haragitua. Hurreratu gaitezan beragana ebanjelioan.

Markos ebanjelariak hiru-lau harri txikiz erakusten deusku bide guztia. Egia esan, bide hori ikusteko edo bertan zehar ibilteko, gogo bat behar da: Jesusek (Jainkoaren hitz biziak, aho biko ezpata zorrotzak) gure bizikerea erdibitu eta argitara atara daiala. Baina, gura ete dogu, senideok? Zer gertatzen jako hori gura dauala Jesusi adierazi eutson aberatsari?

Jesus badoa inguru batetik, Jerusalenerantza abiatuz; emon dauz ezkontzeari buruzko argibide batzuk, eta bere bideari jarraitzen deutso. Arin, lasterka jatorko bat, eta auspeztu egiten jako, galdera bat eginez, ona deitzen deutson maisuari. Estu dabil, antza. Aberatsa izan arren, ez da danaren jabe, antza. Aberastasunek ez deutsoe emon zoriona, antza. Eta auspez, erreguka jarten da. Zer behar ete dau? Behar dauala uste dauana eskuratzeko gertu ete dago? Ahal izango ete dau? Behar bada, gauza bat da "ustea" eta beste bat "izana". Betiko bizitza! Zer ete da? Zorionik handien lez ulertzen dan hau, zer ete da? Edo, zelan ulertzen ete dau harek, eta zer uste ete dau Jesusek?

Aberats harek dana dauka. Dana? Aginduak-eta beteten dauzelako, begiramenez, maitale begiratzen deutso Jesusek; baina honek dinotsonak itun eta buruz behera jarriko dau. Gauza bat baino ez dau falta... Baina ze gauza handia, ezin lortua edo eskuratua dan, beste batzuk (ezer ere ez daukenek) berez dauken hau: uste on osoa Jainkoagan jartea, ez ondasunetan edo agintekerietan, edo harri bitxi, urre, zidar edo beste edozein altxorretan... Eta buru makur eta triste itzultzen da... aberastasun handien jabe izan arren, edo, behar bada, horrexegaitik.

Jesusek, senideok, ez deutse erantzuten gure asmoei edo gurariei; Jainkoaren gogoari erantzuten deutso, eta haren barri emon gura deusku. Baina, Jesusen erantzuna onartzeko, apaltasuna, askatasuna, txirotasuna, behar da. Hau da: uste on osoa eukitea Jainkoagan jarrita.

Sarritan uste dogu holantxe bizi garela gu. Baina ez ete daukagu gure ustea geure erlijio-ekintza batzuetan jarrita? Badakit hau ulertzea gatxa dana; eta gatxago egiten jaku onartzea. Baina, poztasunez bizi dogu gure sinismena? Jesusen jarraitzaile gara? Haren hitzak, erdibituta, ageri-agerian jarrita gaukaz? Ez ete da egiagoa (aurreko guztia egia bada), Jesus ezagutzen eta haren bizikerea geuretzen baino ahalegin gehiago egiten dogula zerua irabazten?

Jainko ona: on izateak bildurtu egiten gaitu,
barregurea emongo dogulakoan,
gure barrua hain dago ilun eta zikin...
Zure hitzaren argitasuna baino nahiago dogu ilunpea.
Aintzat hartzen dogu, Jauna, eta gogoko dogu
zure Seme Jesusek bizi dauana eta dinoskuna,
baina... bildur deutsogu geure buruari,
eta gurago doguz beste ondasun batzuk...
Askatu gaizuz, Jauna,
hemen zeure pozean bizi izan gaitezan,
eta betiko pozetan gero. Amen.