2006-10-07

Urtean zeharreko 27. domekea /B

HITZALDIA (U. Z. 27. Domekea /B)


Senideok: senar-emazteen gaia, familia, ezkon bizitza eta gurasoen zeregina-eta, baita senar-emazteen arteko gorabeherak, batasunaren iraupena eta abar, gaur-gaurko gaiak doguz. Honetan hauxe izan behar dogu gogoan: Elizearen burubideak onartzen doguzelakoa daukagu, hareik gaingiroko edo generikoak direnean; baina gure bizikeran zehaztasunen bat jarten deuskuenean, zer? Edo entzun-gor egiten deutsegu, edo ez-ikusia. Hobe ez ete litzateke, eztabaida kontuetan, modeari jarraitu beharrean, Jainkoaren hitzetara eta otoitzera jotea, eta Jainkoari eskuzabaltasunez erantzutea bilatzea? Hartu daigun, ba, gure fedea, Jesukristoren jarraitzaile izate lez, eta goazen haren irakatsietara.

Jesusek gogor salatzen dau bere aldikoen buru gogorkeria. (Zer egingo leuke gugaz?) Eta Tradizinoko irakatsietan aurkitu gura dau Jainkoaren gogoa: lehenengotan ez zan holan; Jainkoak gizon eta emakume egin ebazan... Hemen ezkontzearen oinarriak aurkitu geikez, eta gaurko jokabide batzuen kontra goazela autortu behar dogu: gizon emakumeek, euren maitasunezko alkartasunean Jainkoaren maitasun eta alkartasunaren sakramentu dira.

Hau esatea larregikeria da, badakit, gu eguneroko txiri-txirian galtzen gara-ta. Baina eguneroko txiri-txiri honi bere sakontasuna, balioa eta poza aurkitu gura badeutsogu, sinistun lez eta Jesusen jarraitzaile lez, hauxe esan behar dogu: hortxe garala eta erakusten dogula Jainkoaren gure seme-alabatasuna.

Ezkontzan, Jainkoak bere seme-alaba bi alkartzen dauz. Eta ezkon bizitzak, gaur besterik ere esan gura dan arren, Jesusen jarraitzaileok hauxe aurkitzen dogu: gizonak bere aita-amak itzi, emazteagaz alkartu, eta biak bat izango direla.

Ezkon bizitza bokazino, edo Jainkoaren dei lez ulertu gura dogu, ba. Han ez da senarra emaztea baino handiagoa edo duinekoagoa; bardinak dira duintasunean, eta alkarren osagarri eta alkar maitasunaren sakramentu izatera deituak.

Bere aldiko uste guztien aurka hauxe emoten deusku Hasiera liburuan. Aldi hareetan ere emakumea gitxiagotzat hartua zan arren, testu honetan gizonagazko bardintasunerako deia dago. Eta hauxe da Jesusek azpimarratu deuskuna.

Ezkontza edo ezkon bizitzari, bere osotasunean hartu barik muturren batetik oratzen badeutsogu, ezin ulertu eta bete ahal izango dogu Jesusen irakatsia; eta buru gogorkeriaz jokatuko dogu. Eta zenbat galtzen diran gaur ikusten eta egiten doguzan gehiegikerietan!

Erantzuna ez da begiak itxi eta lehengotan jarraitzea, edo modearen bideetan abiatzea lehengoari muzin eginda: azalezko erantzunak lirateke biak. Hondargain honetan maitasun etxe sendo bat eraiki gura dauanak Kristoren hatx sendoa bilatu behar izango dau. Hauxe eskatu behar izango geuskio Elizeari: ezkontzara bideratzen dauzenak sinismen sendotasunetik, otoitz bizitzatik, alkarte bizitzatik, bideratu daizala.

Hasiera-hasieratik, Jainko Jauna,
gizakiak alkarren osagarri gura izan ginduzuzan,
baina beti ikusi dogu gizonak emakumea menpe hartzen.
Ez eiguzu itzi tentaldian jausten,
ez, "halantxe dala-ta", eginean egoten,
ez "emakumea gainetik jarteko sasoia dala" uste izaten;
aurkitu daigula bakotxaren duintasuna,
eta ikasi daigula duintasunean alkar maitatzen,
zeure sakramentu izateko eguneroko bizitzan,
Hirutasunean bat izanik bizi zara-ta,
gizaldi eta gizaldi guztietan. Amen.