2006-09-23

URTEAN ZEHARREKO XXV. DOMEKEA —B—




Jk 2, 12.17-20: Jainkoaren otsein bada, berak lagunduko deutso
St 3, 16—4, 3: bakezaleek bakea ereiten dabe
Mk 9, 30-37: Holango ume bati harrerea eginten deutsonak neuri egiten deust


Senideok. zelan iruditzen gaituen, gero, gaurko irakurgaiek! Esan daiteke gaur goizean idatzita dagozela. Eta gero uste izango dogu sinismen bizitzak ez daukala zerikusirik gure eguneroko bizitzaz. Jainkoaren esanetara jarri gura ez dogulako izango da; gure abiaduran ondo goazela uste dogulako izango da. Baina hortxe dagoz gure txikikeriak, haserreak, ezin-ikusiak, barru-garrazkeriak... Hortxe dagoz gure jokabidea eta izakerea salatzen. Ez ete deutsegu jaramonik egingo?

Lehenengo irakurgaiak, zintzoak aurrean erabiliak dirala esan deusku. Antxinako esaerea da gure artean: «On eginaren pagua, ate ostean palua». Eta gaur on egiteko baino txarrerako ez ete doguzan gertatzen gure seme-alabak, inork euren lepotik barrerik egin ez daian... Jainko Aita on-maitalearen seme-alaba gara, baina txarrerako, gogorkeriarako, besteen gainetik ibilteko edo besteak menpean hartzeko burrukatzen dogu...

Egoera honetan, ze frutu emon daike gure lanak, edo ze lorpen dau gure eskabideak? Esan deusku Santiagok bigarren irakurgaian: eskatzen ez dakigula, ez dogula ezer lortzen..., gure barrua ustelduta dagoelako. Baina ez dogu autortu gura.

Eta hor doa Jesus, bidean zehar, ikasleei argibideak eta azalpenak emoten... Baina hareen adimena, ustea eta amesak beste mundu baten dagoz, eta ez dabe ulertzen Jesusek dinotsena. Ez dabe ulertzen, ala ez dabe entzun ere gura? Ikasleen amesak handikeria eta agintekeria bideetan doaz. Jesusenak apaltasun, pobre eta baztertuen laguntasun eta erruki ta maitasun bidean doaz. Baina horri barre egiten deutsoela, holangoak aurrean erabiliak dirala-eta, ikasleek ez dabe entzun ere gura.

Eta Jesusek berean jarraitzen dau, ekintza horretan bere bizia galdu behar badau ere. Ondo galdua izango da. Onartuko dau Aitak. Baina gurea? Zelan emoten edo galtzen dogu gure bizia? Alkar maitasunean, zerbitzuan eta bizi-emotean, ala atseginkerietan lehertuta? Merezi dau guzti hau Ebanjelioaren argitan aztertzeak, gure seme-alabek hortxe edango dabe-ta, geure iturrietan, eta gure artean dagozan behartsu eta baztertuek ere bai. Gugan gurasoak, lagunak, laguntzaileak..., aurkituko dabez, eta ez ezezagunak, esplotatzaileak edo agintekerian diharduenak. Zabaldu deiogun, ba, gure bihotza Jainkoaren Hitzari:

Jesus Jauna: argi erakusten deuskuzu
jainkozalearen zoria: baztertua izatea,
eta gugan ulertezina edo onartezina aurkitzen dozu.
Badakizu gure sakonean ona gura doguna,
gure seme-alaben eredu eta lagungarri izan,
eta gure artean zuzenbidea eta bake bideak urratu;
baina ezagutzen dozu gure makaltasuna ere.
Emoiguzu, ba, jainkozaletasuna,
gure bizitzan zintzotasunari eusteko
geure eta gure inguruko guztien onerako.