URTEAN ZEHARREKO XXVII. DOMEKEA /B
Bigarren bat
Senideok: Gaurko Liturgiako Irakurgaiek hausnarketa lasaia eta luzea eskatuko leuskigue, eta, penagarria da baina horretarako ez dogu astirik, beste edozertarako eukiko dogun arren. Honakoetan, Jesusek Emaus bideango ikasleei aurpegiratu eutsena jatort: «Zein burugogorrak zareen Liburu santuetan Mesiasi buruz esandakoa ulertzeko! Eta hasi Moisesengandik eta profetetan zehar Legean Mesiasi buruz idatzitakoa azaldu eutsen.» Alkarri autortu eutsoen gero sutan eukela bihotza Idazti Deunak azaltzen eutsezan bitartean.
Hauxe da gure pekatuetariko bat, senideok: gure sinismena ez dogula Idazti Deunetan oinarritzen, elikatzen, argitzen eta garatzen. Horregaitik Jesusek Idazti Deunez argitu gura badeuskuz bizitzako gora-beherak guk ez deutsogu ulertuko; burugogorkeriaz, tematu egingo deutsogu, nonbait. Baina, egin daigun ahalegin txikitxo bat bada ere...
Ezkontza arazoak ez dira gaur goizekoak. Begira zer mahairatzen deutsoen Jesusi. Ebanjelariak argi itzi gura izango dau azpikeriaz galdetzen deutsoela. Gaur ere, bere ezkon bizitzaz pozik dagoenak ez deutso abadeari aurpegiratuko bera ezkondu ez dalako estutzen dauala ezkon bizitza legea, eta holangoak; berak sotanea edozein unetan eskegi daiken arren, besteek euren emazte edo senarragaz jarraitu behar dabela, eta...
Jesusek burugogorkeria aurpegiratuko deutse azpikeriaz hurreratu jakezenei. Ezkongea zalako? Ez ete da Jainkoaren nahia bilatzen ebalako? Besteok zer bilatzen dogu gure bizitzan, gure hartu-emonetan, gure eztabaidetan eta jokoetan, eta...? Zein gitxi ikasiak izanik eztabaidatzen doguzan hain sakonak diran gaiak!
Gaurko Liturgian hiru gai garrantzitsu aitatzen jakuz: duintasunean gizon-emakumeok daukagun parekotasuna, jasapen edo sufrimentua, eta ezkon bizitza. Luze jo behar izango geuke irakurgaiotan agertu jakunera hurreratu baino ez egiteko. Eta merezi dau. Baina, labur bada ere, hauxe esango neuke:
a) Genesisko irakurgaian ezkontzearen oinarriak aurkitu geikez. Eta beste inon aurkitzen ez bada ere (aldi hareetako idazkietan eta bizikeran), Genesisen egileak gizona eta emakumea alkarren lagun eta osagarritzat joten dauz, gaur beste era bateko ezkontzak-eta gura dan arren.
b) Jasapena gizakion izakereari berari dagokion mugea da. Eta hau onartzean, eta eroaten jakitean dago gizakiaren handitasuna: gizakia jasapenak ez daualako deusezten ez goitxiagotzen ere. Mindu bai, mindu leiken arren. Baina jasapena alkarrenganatzeko beste dei bat dogu.
d) Ebanjelioan Jesusek umetxo bat hartzen dau eredu, holango gauzak ulertu eta onartu ahal izateko. Umetxoek ezin eikeen lege saririk irabazi. Guk zera uste izaten dogu: Jainkoak saritu egin behar deuskuzala beragaitik egiten doguzanak-eta. Umeak ez daki holakoen barri: dana itxaroten dau, ezelango merezimendurik barik, bere gurasoengandik.
Senideok: galdetu daigun Jesusen jarraitzaile izan guratik, Jainkoak gutaz zer itxaroten dauan; abade izan, ezkondu, guraso edo dana dalako, Jesukristogan danok garalako Jainkoaren sakramentu, bakotxa bere mailan.
Jainko Jauna: bakotxa bakarra egin gaituzu
duintasunean bardinak egin bagaituzu ere;
ez da, ba, gizona emakumea baino gehiago,
ez eta alderantziz ere;
eta alkarren osagai egin gaituzu
biak bat izaterainoko zeure maitasunean;
argitu gaizuz zeure hitzaz
eta emoiguzu ume-bihotza eta uste ona
gugandik itxaroten dozuna, bizitzan zehar,
gauzatu daigun bakotxak bere neurrian.
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home