URTEAN ZEHARREKO XXIV. DOMEKEA —B—
2006/09/17
Is 50, 5-9a: Jakizue Jaunak laguntzen deustala
Sal 145: Goratu eizu Jauna, orain ta beti
St 2, 14-18: Egintza bako sinismena hilik dago bere berean
Mk 8, 27-35: Nire atzetik etorri gura dauanak...
Senideok: sinismen erabagikorra eskatzen izan jaku aurreko domeketan, eta zehazten joan gara erabagikortasun hori. Geuretu ete dogu Jainkoak sinismenaren erregaloa egitean gugan jarrita eukan ustea, itxaropena? Ala uste dogu sinismena Jainkoari geure beharrizanetarako dei egitea dala? Sakondu daigun ikasturte honen hasieran, eta gaurko liturgiako irakurgaien arabera, sinismenaren erabagikortasunean: zer eskatzen deusku Jesusek bere jarraitzaile eta ikasle izateko?
Lehenengo ta behin, inoren sinismenaren suspertzaile lez, abadeak bere buruari ezarri behar izango leuskioz berbok; egizue, ba, otoitz bere alde, Jainkoaren Espirituak bultzatuz izan daiten besteon suspertzaile.
Lehenengo irakurgaiak, Jainkoaren otseinak zenbat sufritu behar dauan, Jainkoa bere ondoan egon arren, esan deusku. Guk, behar bada, hauxe esango geuke: zertarako behar dot, ba, penetatik askatzen ez nauan Jainkoa? Hausnartzekoa da. Zelango Jainkoa autortzen ete dogu, eta beste zelangoa bilatzen? Bat ete dira, gero?
Santiagok, sinismenak egintzetara eroan behar gaitula dinosku, bestela hilda dagoela. Eta zelango egintzak diran sinismenarenak ere esan deusku: behartsuenen menpe jarten gaituen egintzak dira. Bilatzen dogu zeintzuk diran gure ondo-ondoko beharrizanak, Jainkoa euretan zerbitzeko, geure hurkoenen alde eginez?
Ebanjelioak uxatu egin gura dauz gure esaldi potoloak, besteko barik eginak badira: zu Mesias zara, Jainkoaren Semea. Bai, baina ixi!, ez dalako jendeak uste dauan Mesias.
Zer, senideok? Jesusei egingo deutsogu jaramon, ala geure usteetan geldituko gara? Zelango Mesias, edo Jainkoa, edo sinismena, uste dogu? Jesusek eskeintzen deuskuna da? Begira zer esan deuskun: Nire atzetik etorri gura dauanak besteen alde hilteraino sufritu behar izango dau. Gertu gagoz, gero, besteen alde sufritzeko, gure izen ona jokoan jarteko, etxe-kalte izateko?
Ebanjelioaren ikuspegi honetan jarraitzeko, senideok, nagusien katekesia behar dogu; ezin geintekez domekako mezatxoagaz konformatu. Elizan, gure lekutxoetatik urten eta alkarte egiteko erak bilatu behar doguz. Inora joan barik, geure artean egin leitekez zerbitzuak, eta alkar adoretuz egingo doguz, ez abadea edo zerbitzariak kritikatuz. Ate-joka daukaguzan umeentzat katekistak izango geukez, edo gaztetxoentzat monitoreak; edo liturgia-talde bultzatzaile bat eukiko geuke, edo harrerak nork egin, ateak nork zabaldu-ixi, altara ingurua nork txukundu, errekaduak nork egin... Bakotxa berera egonda ez da egiten danona dana.
Jesus, esaldi potoloetan bulartzen gara
baina entzun-gor egiten deutsogu
bakotxak bere kurutzeari eusteari.
Geure usteetan bizi dogu gure sinismena
eta, seme-alaben egoereaz kezkaz egon arren,
lasai goaz geure martxatxoan, mormoxetan bada ere.
Ez ete deuskuzu, Jesus, larregi eskatzen?
Zeintzuk dira gure sinismenak emon beharreko
egintzak, eta bakotxak hartu beharreko kurutzea?
Emoidazu neure babes lekutik urteteko ausardia
eta alkarren onerako alkarregaz jokatzeko adorea.
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home