2006-09-03

URTEAN ZEHARREKO XXIII. DOMEKEA —B—

2006/09/10


1) Isaías 35, 4-7a
Sal 145
2) Santiago 2,1-5
Ebanj.: Markos 7, 31-37


Senideok: ezertarako asti barik bizi gara, presaka hara-honaka, baina meza-inguruko barealdi honetan gagoz Jainkoagaz hartu-emon gozoan jarduteko. Hitzegin deusku Jainkoak Idazti Deunetako pasarteetan, eta bihotz altxagarria izan dogu lehenengoa; Santiagorenak arretaz jarri gaitu gure jokabideren bat zuzendu guran, eta ebanjelioak erdi jota itzi gaitu. Zenbateraino egin behar ete dogu bat han agertzen izan jakun gor-mutuagaz?

Ez daigun pentsa elizara ez datozenak dirala gor-mutuak. Autortu daigun geu garala gor-mutuak, Jainkoari entzuteko aukerea izan eta, behar bada, entzun-gor egiten deutsogulako geure usteetan itxita; eta bildur guztiak uxaturik, eskatu deiogun zabaldu deiguzala gure entzumena eta esamena (belarriak eta mihina).

Bai, senideok. Oraingoan, harrigarria!, Jesus atzerritarren lurraldean ikusten dogu eta dakartsoen gor-mutuari ez deutso eskatzen, beste batzuetan lez, ez sinismenik, ez beragan uste osoa jarterik, ez ezer. Jende artetik atara, eta atzamarrak eta txistua eta aramear effatà berbea darabilz...

Gogoa!, senideok. Norberaren lokarrietatik askatuak izateko gogoa behar da. Gogoa badago, Jesusek askatu egingo gaitu, inoren txaloak edo esker ona itxaron barik. Baina gogorik ez dagoen lekuan Jesusek ezin jardun dau.

Hementxe daukagu, senideok, untzerik sartuena: ez dakigu autortzen gure pekatua, geu garala gor-mutuak, geuk behar dogula loturetatik askatuak izatea. Ez dogu uste horrela danik. Uste dogu, elizara ez datozenak, errezaten ez dabenak, edo madarikapen artean bizi direnak, edo gaizkileak, edo... neu ezik beste edonor dala bere txarkerietatik askatua izan beharrekoa. Eta eurekaitik egiten dogu otoitz, eskatzen dogu... eta lasai gelditzen gara.

Baina, egia esan, Jainkoaren berbea entzuten dogunean, haren esanetara jarten ez dakigu, birdurkilik; eta begi-belarriak itxi egiten doguz ez ikusteko, ez entzuteko, gure elizkizunen hozkeriaz ez jabetzeko; eta gure sinismenak eta jainkozaletasun egintzek ez dabela fruturik emoten ez dogu onartu gura, egiten dogula-ta geuri dagokiguna. Holan ete da?

Hortxe dagoz gure gazteak: ez dabe Jainkoaren beharrizanik somatzen (eta badakigu abadearen erruz ez dana; baina ez dakigu zer egin). Hor dagoz gure umeak: ez doguz Jainkoagana hurreratzen. Hortxe gagoz geu, sinismena alperreko gauzea ez ete dan uste izanik, ohikerian joan goazela...

Nork eroango ete gaitu Jesusengana, ezelango eskakizun barik entzumen-mihinak askatuko deuskuzanagana? Ez daigun esan hain arin, senideok, gura dogula; aztertu daigun gure jokabidea, eta autortu daigun zarratuegi (ixiegi) gagozela geure ohituretan-eta.

Nahikoa badaukagu besteekaitik errezateaz, edo gure arazoetan lagun egin deigula eskatzeaz, itsu-gor-mutu jarraituko dogu, bereizkuntzak egiten eta salbamen-askapenaren pozik barik. Gogoztatu gaitezan:

Jesus Jauna: eguneroko arazoetarako laguntza
eskatzen deutsut, eta eskerrak emon ere bai;
baina ez daukat argi zer dozun niretzako
eta ze gor-mututasunetik askatu gura nozun;
uxatu eidazuz bildur-ilunaldiak,
eta emoidazu argitasuna eta ausardia
zure berbara hurreratzeko
eta jainko-dohaietaz egunerokotasunean
jabetzeko eta poz hartzeko, eskerronean.